sábado, 30 de julio de 2011

Karbono isuriak eta gure bizimodua

fuente: gara.net




 Mendebaldean, harrigarria da nola etengabeko zabor-sortzaile diren makinak bihurtu diren gure egunak. Hau da, zernahi eginez gero, edo zernahi erosi eta, berehala paperez eta paketez inguratuak aurkitzen gara, plastikoko poltsak, ontziak, kartoiak eta abar.

Gaur goizean bulegorako bidean, sarritan bezala, goizeko caffe latte eta Peking duck wrap bat erosi dut, eta ordaindu eta gero, nire zabor inbentarioa aztertu dut: (1) ordainagiria; (2) kafearen paperezko ontzia; (3) ontzi horren plastikozko tapa; (4) wrapparen zelofanezko estalkia; (5) horren kartoizko bigarren estalkia; (6) paperezko zapiak; (7) birziklatuko paperez eginiko poltsa.
Hor doa, guztira, poltsa txiki bat betetzeko hainbat zabor. Errudun sentitzeko modukoa da, jakina, goizeko snack edo gosari azkar batek, plazer txiki horrek, hainbesteko zabor sortzea. Baina halakoetan nor da erruduna? Ni neu, kontsumitzailea, ala hori diseinatu eta saltzen duen merkataria?

Eta horrela jarraitzen dugu egunean zehar. Neuk behintzat. Eguna amaitu orduko, Land Rover baten tamainako poltsa bat osatuko luke nik sortutako zaborrak. Ziur naiz irakurleak ni baino zintzoagoak direla arlo honetan; ni zabor-sortzaile amorratua naiz, eta onean gaitz kronikoa bihurtu da orain, beranduegi aldatzeko, eta ez dut moralista izateko inolako kredentzialik.

Munduko populazioa 7.000 milioikoa da eta laster, 2050a baino lehenago, 10.000 milioira iritsiko da. Argi dago 10.000 milioi horiek goizero caffe latte bat eta Peking duck wrapp bat jango balute (hainbeste estalkirekin), orduan, egun batetik bestera, zabortegi Big Banga izango litzatekeela munduan.

Zalantzarik gabe, psikologikoki eta ekonomikoki beste unibertso paralelo batean bizi gara mendebaldarrok, munduko populazioarekin konparatuz. Eta ingurumenak eskertzen du gu gutxiengoa izatea, oraingoz behintzat.

Normalen gai honetaz mintzatzerakoan esaten ohi dena da ezin dugula horrela bizitzen jarraitu, eta karbono-gabeko ekonomia sortzea beharrezkoa dela eta zaborraren %100 birziklatzea dela helburua eta abar.

Hori egia da, baina azter dezagun gaia beste ikuspuntu batetik. Momentu batez, ingurumena ipin dezagun alde batera, eta azter ditzagun gure gizartearen ohiturak, kontsumoaren jarrerak eta gure beharrak.

Ingurumena ez balitz eragozpena, aldatuko al genituzke gure ohiturak? Zabor gehiago sortuko genuke ala kopuru berdina? Gauza gehiago erosiko al genituzke, berdin ala maizago?

Berotze globalik ez balego, eta gure planetak baliabide amaigabeak balitu, nola biziko ginateke?

Nire iritziz, erantzuna da ezer gutxi aldatuko litzatekeela. Gure gizarteetan ohiturak baliabide ekonomikoetara lotuta daude, eta produktu bat erosi ahal baldin badugu, eta nahi badugu, normalean erosi egiten dugu. Espero duguna da merkataria ekologikoki «garbia» izatea, birziklatu eta energia garbia erabiltzen duena; hori da gero eta gehiago kontsumitzaileak eskatzen duena, ez norberaren ohiturak aldatzea.

Gure munduan, ingurumena aintzat hartzen dutenen eta ez dutenen arteko aldea uste duguna baino txikiagoa da. Adibidez, balio handia ematen diogu birziklatzeari (eta garrantzia badu, ez diot kentzen) eta garraioaren erabilerari. Garraio publikoa erabiltzea da pentsatzen dugun lehenengo gauza, karbono aztarna gutxitzeaz edo ingurumena zaintzeaz mintzatzen garenean.

Alabaina, sarritan, zer jaten dugun erraz ahazten dugu. Esate baterako, kilo bat ardiki sortzeak 39 kilo CO2 isurtzen ditu atmosferan, eta kilo bat behikik 27 kilo. Karbono aztarnaren ikuspegitik, bazkaltzeko hanburgesa txiki bat jatearen parekoa da 10 kilometro autoz gidatzea. Eta haragi txuleta jaten badugu, orduan, demagun, 30 kilometro egin ditugula autoan. Zenbaki gehiegi aipatzen hasi gabe ziurta diezazueket jaten dugunak garraio publikoa erabiltzeak baino garrantzi handiagoa duela.

Nabaria da, beraz, ingurumenarekin dugun harremana konplexua dela, eta ez dela erraza bizimodu modernoan ingurumenarekin harmonia osoa izatea. Nolabait, badirudi gizaki modernoa definizioz «ingurumen terrorista» dela Mendebaldean, eta bere bizimodua aldatzea zaila denez, irtenbidea beste perspektiba batetik planteatu behar dugu.

Lasaigarria izango litzateke goizero ez sentitzea errudun, jakinez gero sortzen dugun zabor guztiak legez biodegradagarria izan behar duela, eta erabilitako energia iturri garbietatik datorrela. Horrela bizitzeko ezagutza teknologiko hainbat badugu, eta hori lortzea izan behar luke gure erronkak, ez kontsumoa murriztea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario