lunes, 6 de junio de 2011

Berotzea geratzeko saioen porrota

Atzerakorik ez duen aldaketa bortitz batera garamatza eredu ekonomikoak, 2010eko CO2  emisioen kopurua ikusita. Bi gradu ez, baina lau egingo luke gora planetaren tenperaturak batez beste iazko igorpenen erritmoan.




CO2 gas emisioek eragindako munduaren berotzeak geldiezina ematen du. Berotze horrek dakarren klima aldaketa arintzeko neurriak porrot egiteko zorian daude. Hori bezain beltza da Nazioarteko Energia Agentziak aste hasieran eman dituen datuen ondorioa. Karbono dioxido emisioen errekorra hautsi da 2010ean; 30.600 tona metriko aireratu ziren iaz. Aurreko urtean igorpenek era nabarmenean egin zuten behera, krisi ekonomikoaren eraginagatik. 2008an, berriz, ordu arteko errekorra hautsi zen, 29.300 tona metrikorekin, baina 2010ean kopuru hori %5ean gainditu da. Horrek guztiak esan nahi du ia utopia dela batez besteko tenperaturak soilik bi gradu igotzea. Adituek bi gradu horietan kokatzen dute jasangarria litzatekeen hozberoaren igoera; hortik aurrera, planetan atzera bueltarik ez duten prozesuak jarriko lirateke martxan, eta bioaniztasuna izugarri galduko litzateke eta ozeanoetako uraren maila igoko litzateke.

32.000 tona metriko karbono dioxido da muga; 2020tik aurrera CO2 emisioek ez lukete lerro hori gainditu beharko, tenperaturaren batez bestekoa bi gradu baino gehiago igo ez dadin. Baina, azken datuaren arabera, nabarmen gaindituko da, eta datorren urtetik aurrera, gainera; are gehiago, tenperaturak lau gradu egingo du gora, erritmo hori oinarri hartuta.

«Etorriko dena uste baino arinagoa izan dadin lan egin behar dugu», zioen Bilbon orain aste batzuk Klaus Hasselmannek, munduaren berotzea gizakia eragiten ari dela frogatu zuten zientzialarietako batek. Baina horretan ere ez dabiltza munduko gobernu boteretsuenak. Egoera hauxe da: planeta modu bortitzean joko dituzten aldaketak eragiten ari da eredu ekonomikoa. Eredu hori hauspotzen duten botere zentroek badakite, zientziak erakutsi baitu arazoaren larritasuna. Baina, hala ere, eredu ekonomikoa ez da aldatzen, bizitzaren eta gizakiak munduarekiko behar lukeen tokiaren ikuspegi aldaketa behar delako. «Ikuspegia behar da; mundua hobetzea ez da sakrifizio kontua», zioen Hasselmannek. Itxura batean, beranduegi izan daiteke ikuspegia aldatzeko ere.

Orain urte batzuk munduko hedabide anitzetan aste honetan azaldu diren izenburuak katastrofistatzat joko lituzkete askok; klima aldaketa gizakiaren eredu ekonomikoa eragiten ari dela ukatzen dutenek seguru. Gaur egun, iritzi ildo horrek gero eta toki gutxiago dauka, petrolio, ikatz eta gas naturalaren enpresen alorreko presio taldeen eragina handia den arren. «Zenbat kopuru ezkor gehiago behar ditu munduak?», galdetu du Connie Hadegaardek, EBko Klimaren Ekimenerako komisarioak.


No hay comentarios:

Publicar un comentario